Artikulu honek erreferentziak behar ditu. Hemen erreferentzia egiaztagarriak gehituz lagun dezakezu. |
Matxismoa gizarte harremanetan gizonaren nagusikeria adierazten duten jarreren multzoa edo sexismoa da, aldi berean emakumeak gutxietsiz. Jokabide hori ohartuki edo kulturaz zein hezibidez ikasita oharkabean gerta daiteke, eta gizonek praktikatu ohi dute, baina emakumeen jokabideei eragiten die, haiek ere jarrera matxistak hartzearen bidez.
Matxismoak generoen rol banaketa argi eta zurrun bat aldezten du, gizon eta emakume bereiziz, eta emakumeei emozionaltasuna, etxeko zaintza eta garbiketa lanak eta gizonen sexu gozamenaren ardura egotziz; gizonari, berriz, arrazionaltasuna, esfera publikoa eta irmotasuna, eta horregatik gizarte eta ekonomia abantaila batzuk aitortzen zaizkio.
Matxismoak lotura estua du mundu osoko kultura patriarkalekin; izan ere, oso kultura gutxik gorde dute emakumeen berdintasun estatusa, eta matxismoak askotariko formak hartu ditu bertan. Dena den, herri eta gizarte batzuk askoz matxistagoak dira beste batzuk baino.